Euskara

 

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertukoekin ditugun harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa da proposatzen diguna Euskaraldiak eta Enkarterriko Euskaraldia prest dago horretan parte hartzeko. Horrela etxetik hasiko gara prestatzen azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun Euskaraldia, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.

Lau fase izango ditu dinamikak: gaur, aurkezpena; 21etik 23ra, hausnarketa fasea; 24tik 30era, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa proposamenena; eta maiatzaren 3an, bukaerako ekitaldia.

Sakatu hemen ekimenaren xehetasunen aurkezpen bideoa ikusteko

Hasi aurretik...

Etxealditik Euskaraldira ekimenaren baitan egingo dizkizugun proposamenekin hasi aurretik, galdera bat egin nahi dizugu: badakizu zein hizkuntzatan ari zaren nabigatzen? Zein hizkuntza lehenesten du zure ordenagailu, tablet edo mugikorrak interneten nabigatzen duzunean? Zein hizkuntzatan dituzu konfiguratuak zure gailuak? Eta zure nabigatzailea?

Datu bat emango dizugu: 2019an Euskaraldiaren webgunean sartutako %6.13ak soilik zuen bere nabigatzailean euskara lehenetsia, gainontzeko %93,87ak beste hizkuntzaren batean (nagusiki gazteleraz) zuen konfiguratua nabigatzailea.

Gaur, hurrengo egunetako ariketekin abiatu aurretik, proposamen bat egingo dugu: zergatik ez ditugu gure gailuak eta nabigatzaileak euskaraz konfiguratzen?

Nabigatzailea euskaraz konfiguratua duzun hizkuntza euskara den edo ez ondoko (edo gaineko) irudi honek esango dizu. Eta aldatu nahi baduzu, klikatu irudia eta jarraitu argibideak.

Mugikorra euskaraz konfigura dezakezun jarraitzeko aukera ezberdinak daude:

  • Android gailu bat baldin baduzu aplikazio hau instalatu dezakezu eta aplikazioak lagunduko dizu euskaratzeko urratsak ematen
  • Apple etxearen gailu bat baldin baduzu berriz, ez duzu sistema euskaraz erabiltzeko aukerarik izango

Informazio eta argibide guztiak lehenhitza.eus webgunean aurkituko dituzu.

Parte hartu!