Albisteak

 

Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak zortzigarren urtez banatu ditu Eskola Agendak Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ikastetxeetan. Egitasmoa Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak koordinatu du eta agenda Bizkaiko beste udalerri batzuekin batera egin du.

Euskal kultura sustatzea eta ikasle, guraso eta ikastetxeen arteko harremana euskaraz izatea dira agenda honen xede nagusiak.

2017-2018 eskola agendan, ohiko helburuez gain, eskolaz kanpoko eremura jauzi egin nahi izan dugu eta eremu horretan umeekin aritzeko jolasak, abestiak edota zotz egiteko formulak bildu ditugu. Izan ere, gonbita egin nahi diegu gurasoei aisialdia euskaraz goza dezaten bere seme-alabekin batera. Sarri askotan, gurasoek ez dute seme-alabekin euskaraz jolasteko baliabide nahikorik izaten, ez dakite euskarazko abestirik, ez asmakizunik, eta horri erantzuteko, baliabide horiek guztiak euren esku jarri nahi izan ditugu agenda honen bidez.

Aurten ere, gurasoen eskaerei jarraituz irakasleentzako oharrak zelan idatzi azaltzen duen atala sartu dugu, irakasleei zerbait adierazi behar dietenean agendan euskaraz idatz dezaten. Horren bidez, euskaraz idazteko ohiturarik ez dutenei edota zalantzak dituztenei ohar errazak euskaraz idazten lagundu nahi diegu, batetik, eta bestetik, euren seme-alabek euskara eskolatik etxeko txokora sartzen dela eta gurasoentzako ere euskara badela garrantzitsua ikusiko dute.

Ikasturte honetan, Mankomunitateak 1.228 ale banatu ahal izan ditu Lehen Hezkuntzako ikasleen artean ikastetxeen edota ikasleen ekarpenari esker.