Albisteak

 
Aurreko urteetan bezala, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Aisialdiko Begirale Ikastaroa antolatuko du 18 urtetik gorakoentzat edo ikastaroan zehar -baina, alde praktikoa hasi baino lehen- 18 urte betetzen dutenentzat. Horretaz gain, parte-hartzaileek Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean erroldatuta egon eta euskara menperatu beharko dute. Ikastaroa urrian hasi eta maiatzean bukatuko da. Izan ere, 150 ordu teoriko eta beste 160 ordu praktiko dira. Amaitzean parte-hartzaileek Eusko Jaurlaritzak luzatutako Begirale Titulua eskuratuko dute.
 
Eskola teorikoak Enkarterriko Mankomunitateko egoitzan emango dira 9 asteburutan - ostiral arratsaldeetan (18:30-21:00) eta larunbatetan (10:00-18:30)- eta hiru asteburu osoko egonaldiak ere egingo dira aterpe batean, eman behar diren 150 ordu teoriko horiek osatzeko.
 
Ikastaroan parte hartzen dutenek 180 euroko matrikula ordaindu beharko dute, aterpetxearen gastuak barne, Enkarterriko Mankomunitateak diruz laguntzen baitu. Leku librea geratuz gero, ez erroldatuek parte hartu ahal izango dute, baina, ikastaroaren prezio osoa ordaindu beharko dute: 240 €Ikastaroaren helburuen artean honakoak aipatu ahal dira: aisialdiko begirale izateko trebetasunak eta ezagupenak lantzea, aisialdiko ekimenetan Euskara eta Euskal kultura uztartzeko bideak jorratzea,…etab. Horretaz gain, gazte horiek Mankomunitateak duen Aisialdiko begirale euskaldunen zerrendan sartuko ditugu eta aukera izango dute parte hartzeko Mankomunitateak antolatzen dituen aisialdiko ekintzetan (tailerrak, udalekuak,…). Izan ere, begirale eta ume eta gazteen artean euskara erabiltzeko ohitura sustatzea da gure helburu nagusia; eta uste dugu begiraleak herrikoak edo eskualdekoak izanda errazagoa izango dela ume eta begiraleen arteko harremanak sortzea eta eguneroko jardunean harreman horiei eustea.
 
Matrikulazio epea irailaren 12tik 20ra artekoa izango da. Informazio gehiago lortzeko edo izena emateko Mankomunitateko Euskara Zerbitzura jo. (euskera@enkarterri.eus /tel.:94 667 18 51).