Albisteak

 

Elkartu gara, hamabi ume (Gordexolako ikastetxe publikoko 4, 5 eta 6. mailako launa ikasle, sei neska eta sei mutil, zozketan aukeratuak), eta bi hezitzaile (Peru eta Juncal, jarduera berezi hau gerta dadin laguntzera) herriko liburutegian. Zirkuluan eseri gara. Zertara etorri ote gara hona? Gordexolako Umeen Kontseilura, bai.

Zer da Umeen Kontseilua? Gordexolarentzat lan egiteko hilean behin elkartzen den 9 eta 12 urte bitarteko pertsonez osatutako lantaldea da. Jakintsuen Kontseilua. Angela Eguia Alkatearen mandatuz sortzen da talde hau, umeen herriaren gaineko begirada jaso nahi duelako, bere udal kudeaketan ikuspuntu hori aintzat hartu nahi duelako. Konpromiso hori hartzen du eta horregatik egiten die eskari umeei. Herrian pentsatzeko, herrigintzan parte hartzeko. Aurtengo taldea eratu dugu, hasi gara lanean.

Nortzuk osatzen dugu GUK lantalde hau? Nadir, Natanael, Nora, Claudia, Henar, Oier, Aitor, Maider, Ane, Enmanuel Alex, Valentín eta Ainara dira. Eta elkar ezagutu nahi dugu lehen bilera honetan, pertsona-multzo izatetik lantalde bilakatu. Horretarako zer? Bakoitzak bere buruari buruzko zerbait kontatu lagunari, eta lagunak guztioi kontatu. Gauza bitxiak jakin ditugu, Zer gustatzen zaien, Zer ez zaien bapez gustatzen, Zertan jolastea gustoko duten (-Mobilean ala bizitza errealean? -Em... bizitza errealean) Gordexolatik zer duten gustokoen, eta zer gitxien, Zein superbotere aukeratuko luketen (-Bat izan behar du ala nahi dituzun guztiak? -Nahi dituzun guztiak), Txikitan gertatutako zerbait (ezbeharren bat, seguru)... Halako gauzak. Halako barreak egin ditugu ere.

Eta nola hasiko gara gure herrian kokatzen? Ba, zentzumenen bitartez. Bost zentzumen ditugu (ikusmen, entzumen, ukimen, dastamen eta usaimena) eta horiekin pertzibitzen dugu errealitatea, baita gure herriari dagokionean ere. Horretan arreta jarri. Ea nora garamatzan...

Baina jada eskolara itzultzeko ordua. Baditugu hortxe ildo batzuk, tiratzeko moduko hariak, hurrengo saioetan garatzeko moduko gaiak... Lanean jarraitzeko irrikitan gara! Hurrengoa otsailaren 18an izango dugu.

Hemen duzue 2020ko lehen GUK bilera honetako argazki guztiak ikusteko lotura.