Albisteak

 
Beste urte batez, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Udaleku Irekiak antolatu ditu, ume euskaldun edota eredu euskaldun batean ikasten dutenen artean  euskararen erabilera sustatzeko asmoz.
Euskararen erabilera aisian urte osoan lantzen saiatzen gara Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan, baina, udan hartzen du protagonismo handiena. Izan ere, ikasturtea amaituta, haur eta gazteek aisialdiaz gozatzeko tarte handiagoa izaten dute, baina, aukera gutxiago euskara entzuteko eta erabiltzeko, etxean gehienek senide euskaldunik ez baitute. Horregatik, gurasoei jakinarazi nahi diegu oso garrantzitsua dela uda garaian haurrei euskaraz aritzeko aukerak eskaintzea. Hutsune hori betetzeko, azken urteetan bezala Udaleku Irekiak izango ditugu.
Ekintzak ekainaren 27tik uztailaren 12ra egingo dira, goizez, 10:00etatik 14:00etara. 350 pertsonentzako lekua egongo da, gehienez. Beti bezala, ume gehiagok izena ematen badute plazak zozketa baten bitartez esleituko dira ekainaren 9an. Parte-hartzaileek  hainbat baldintza bete beharko dituzte:
-2004-2009 urte bitartean jaioak izan.
-Mankomunitatea osatzen duten udalerriren batean erroldatuta egon edota bertoko ikastetxe batean ikasi. Beti ere, bertan erroldatuek lehentasuna izango dute.
-Euskarazko ereduetan ikasi (B/D).
Aurreko urteetan bezala, lau gune osatuko ditugu: Zalla, Sodupe, Sopuerta eta Karrantza. Lau gune horietan Mankomunitatean dauden 9 udalerrietako umeek parte hartu ahal izango dute. Beste udalerrietako umeak eraman eta ekartzeko autobusak jarriko dira. Haurtzaindegi zerbitzukoak izan ezik.
Oso eskaintza erakargarria eta zabala daukagu aurten ere, eta umeek askotariko ekintzak egiteko aukera izango dute, eta haietariko asko kanpoan egitekoak: sukaldaritza tailerrak, orienting, irteerak (Armañoneko parke naturala eta Inguruabentura Entzia mendizerran), zaldiz ibiltzea,  mugimenduzko kirolak eta kirol ginkana, igeritokia eta ur jolasak, gau bateko irteera aterpetxe batera… Dena den, lehentasuna euskara bultzatzea da eta horretarako udalekuen zehar euskararen erabilera bultzatzeko beren beregi prestatutako ekintza orokorrak egingo dira.
Izena emateko epea maiatzaren 24n hasi eta 31n bukatuko da. Iaz ez bezla,  matrikula banaka  egin beharko da. Neba-arrebak badira, ume bakoitzeko eskaera-orri bana bete, baina, unitatetzat hartuko dira zozketa egin behar izatekotan.
Propaganda eta izena emateko orria eskoletan banatu da eta Kultur Etxe edo liburutegietan izango dute eskuragai. Aurten, ordainketa izen-ematearekin batera egin beharko da eta bai matrikula orria bai banketxeko ordainagiria Mankomunitatean edota udalerrietako Kultur Etxe edo Liburutegietan utzi beharko dira. Azken urteotan bezala, matrikula on-line egiteko aukera izango dute udalekuetarako prestatutako web orrian bertan: http://www.aldaketazoziala.com/inskripzioa . Beti bezala, web orri bat osatuko da udalekuei buruzko informazioa eta udalekuak egiten diren bitartean ateratzen diren argazkiak eta jarduerei buruzko komentarioak eskegitzeko: http://www.aldaketasoziala.com/enkarterri . Beraz, informazio gehiago nahi izatekotan web orri horretara edota www.enkarterri.org webera jo beharko dute.


Diptikoa ikusi (PDF 580KB)

Kartel berria (PDF 308KB)