Albisteak

 

Umeen aurreproiektuetan oraingoz. Gordexolako Umeen Kontseiluaren apirilaren 30eko bilera arratsaldez ospatu genuen, udaberriko eguraldiz.

Liburutegiko gelara ailegatuta, egindako lanak behatu eta Alkateari kontatzeko prestatu genituen. Ez zen egindako lanen aurkezpena zehazki, baizik ordurarte sortutako ideiak berari kontatzea, bere ikuspuntua jaso eta hortik aurrera nondik nora jo elkarrekin ikusteko.

Tarteko urrats hauek garrantzitsuak dira Udala eta umeen begiradaren artean dagoen saltoa egiten hasteko, erabakiak hartzeko betekizuna daukanak haurren proposamenen dimentsioaren berri izan dezan eta proposamen ezberdinak egiteko betekizuna dutenek Udal baten eta Alkate baten mugak uler ditzaten.

Umeengandik begirada eta proposamen ezberdinak eskatzen baitira, vaina garrantzitsua baita ideia horiek gero ideia galduen zakuan ez erortzea, egingarriak izan daitezen ere, eta azken finean egin egin daitezen. Eta horretarako halako feedback saioak oso eraginkorrak dira. Suertea dute gainera Gordexolako umeek, Ángela pertsona hurbila baita, eta interes handiz hartu baitzituen umeen proposamen guztiak.

Lehenik eta behin, neguko bilera batean egindako gogoeta ekarri genuen: plaza zertarako erabiltzen dugun eta zertarako erabili nahi genukeen aztertu baikenuen. Eta, hartara, Jolasleku bezala agertu zen batipat (eskonditea, pila pila, baloiarekin, bizikletarekin, patinak...), baina baita monumentua, elkartzeko lekua, paseatzeko, Erdigunea (kontzentrazioak egiteko ere, adibidez), iturria, herri bazkariak ospatzeko, kontzertuak, jaiak ospatzeko, merkadiloa, kabalgata...

Hitzegin genuen, adibidez, plazaren zorua aldatzerakoan zonalde batean behintzat oso laua izan dadin patinetan ibili ahal izateko, baita egun dauden iturriak konpontzeko beharraz, edatera goazenean goitik behera busti ez gaitezen. Aurtengo GUKeko umeek plazarako jorratu dituzten proposamenak azaldugenizkion jarraian banan-bana, marrazki zein plastilinazko maketez baliatuta.

Interes handiz aditu zituen Angela Eguia alkateak, eta azalpen guzti horiek ahalik eta zehatzen idatziz ipintzeko eskatu zigun. Izan ere, plazako obrak datozen urteetan egingo baitira, oraingoz datarik gabe, eta ekiten zaien unean proposamen hauek aintzat hartuak izan daitezen eta uler daitezen bermatzea beharrezkoa baita. Xehetasun guztiak idatziz jartzen eman genuen beraz bileraren azken zatia eta jada prest daude Alkateari aurkezteko moduan. Hurrengo bilera maiatzaren 24an ospatuko dugu, udal-hauteskundeen bezperatan, bai.

Apirileko bileraren argazki guztiak GUKen flickr-ean ikusi eta jaitsi ditzakezu.