Albisteak

 

Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak zazpigarren urtez banatu ditu Eskola Agendak Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako ikastetxeetan. Egitasmoa Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak koordinatu du eta agenda Bizkaiko beste udalerri batzuekin batera egin du.

Euskal kultura sustatzea eta ikasle, guraso eta ikastetxeen arteko harremana euskaraz izatea dira agenda honen xede nagusiak.

2016-2017 eskola agendaren gai nagusia haurren antzinako jolasak da. Teknologiarik ez zegoen sasoian, ze olgeta egiten zuten umeek? Zertan jolasten ziren? Agendaren helburua olgeta horiek umeei ezagutaraztea da, ondoren eurek eskolako jolaslekuan zein kalean jolas dezaten. Ipuin gisako fikzio txikiak erabili dira horretarako: olgeta bakoitzaren ezaugarriak eta gaurko umeen ikuspegia, kontrapuntuan. Ipuin horiek etxean zein eskolan irakurri daitezke, eta gero kalean praktikan jarri.

Aurten ere, gurasoen eskaerei jarraituz irakasleentzako oharrak zelan idatzi azaltzen duen atala sartu dugu, irakasleei zerbait adierazi behar dietenean agendan euskaraz idatz dezaten. Horren bidez, euskaraz idazteko ohiturarik ez dutenei edota zalantzak dituztenei ohar errazak euskaraz idazten lagundu nahi diegu, batetik, eta bestetik, euren seme-alabek euskara eskolatik etxeko txokora sartzen dela eta gurasoentzako ere euskara badela garrantzitsua ikusiko dute.

Ikasturte honetan, Mankomunitateak 1.237 ale banatu ahal izan ditu Lehen Hezkuntzako ikasleen artean ikastetxeen edota ikasleen ekarpenari esker.