Albisteak

 

Gordexolako Umeen Kontseiluak bere bosgarren bilera ospatu du maiatzaren
25ean. Jokogintzan murgildu garela, zeregin bi genituen gaurko bilerarako: batetik,
kaleetan zehar egiteko ginkana jokatu; bestetik, aurrekoan planteatutako mahai
jokoari gorputza eman.
Erronka bi planteatu baitira aurtengo GUKen: batetik, herriko jaietarako jarduera
bat umeek antolatzea goitik behera, eta horrekin batera Gordexolako kaleen
jolasgarritasuna testatzea; bestetik, herriko liburutegian geratuko den Gordexolari
buruzko mahai-joko bat asmatu eta egitea.
Gaurkoan euria egin duenez, ezin izan dugu kaleko joko-lana egin, beraz denok mahai-jokogintzan aritu gara jo eta ke.
Herriagan pentsatzeko modu bat da joko bat asmatzea, herriaren parte sentitu eta hari
buruzko hainbat gauza berri ezagutzeko ere.
Ez da lan makala ume hauek hartu dutena!
Aurreko bileran Naia, Aiala eta Saulek jokoaren irizpideak markatu eta lanak hasi
zituzten, eta gaur guztion artean honelako mahai-joko batek behar dituen gauza guztiak definitu eta egiten aritu gara.

Tableroak 50 laukitxo ditu eta lau fitxa egongo dira, baina nahi beste jokalarik
parte hartu dezakete. Helburua Udaletxera heltzea da, azken laukitxora alegia.
Bidean, Gordexolari buruzko hainbat galdera erantzun beharko dira aurrera
jarraitu nahi bada, eta marrazkiak ere egin beharko dira. Karta batzuk daude
horretarako espreski prestatuak.

Joko hau prestatzeko, herriari buruzko ikerketa lan ttiki bat eginez, Gordexolako
hainbat dokumentazio erabili dugu: herriko mapa, zerbitzuen gida, oinezko
ibilaldiak biltzen dituzten koadernotxoak edo Enkarterrietako gida turistikoak.
Zein da San Kosmeko maskota? Nola deitzen da Gordexolatik pasatzen den ibaia?
Noiz ospatzen da San Nikolas eguna? Halako galderak erantzun beharko dira
Gordexolako Udaletxera ailegatu aurretik...
Laster izango dugu GORDE JOKO gure herriko liburutegian!
Lotura honetan ikus ditzakezue bilera honetako argazkirik politenak:
https://flic.kr/s/aHsmkwmxdJ