Landaredia

Gaur egun udalerriko mendi gehienak kanpotik ekarritako zuhaitzez baso-berrituta daude; paisaia kolore berde ilunez janzten duen intsinis pinua edo Pinus Radiata, eta eukaliptoa (azken urteotan ugaritu egin da hotzari hobeto aurre egiten dioten espezie batzuk sartzearen ondorioz) nagusi dira.

tximeleta

Bi espezie horiek antzina hariztiek hartzen zuten lurzoruaren zatirik handienera hedatu dira. Lehengo oihanpe aberats eta ugarian, gaur txilarrak, iratzeak eta oteak aurkituko ditugu, aurreko aldiko beste espezie batzuekin batera. Zuhaiztiek edo unadek hesi naturalak osatzen dituzte; horiekin batera beste espezie batzuk ere badaude: atxaparra, santio belarra, iparraldeko elorri zuria, baso-eguerdililia, garatxo-belarra, kantauriar txilarra, urkia, gorostia,..

Inguru honetan urriak izan ziren antzinako artadietatik ale sakabanatu batzuek baino ez dute iraun, kokaleku tuparrizale txikietan eta modu reliktikoan, gartxuekin, txilar zuriarekin, gurbitzekin eta artadietan bereizgarriak diren beste espezie batzuekin batera (arkasatsa, otxar basatia...).

lore bat

Haltzadi-basoa ondoen kontserbatuetako bat da. Galeria-basoek Ibalzibar edo Herrerias ibaiaren ibarrak eta ibaiadarrak estaltzen dituzte. Horren adibiderik garbiena Ponton-Urarte eta Iratzagorria auzoen arteko eremuan dago. Gaur egun ibarbasoaren eremu handi bat degradatuta dago eta baso misto bihurtu da, oraindik edertasun pittin bat badu, hala ere. Bertan haritzak, haltzak, sahatsak, zuhandorrak eta basaerramuak labore-zuhaitzetatik etorritako beste zuhaitz batzuekin batera daude, hala nola, intxaurrondoekin, pikondoekin edo bananondoekin. Zubiete eta Ponton-Urarte auzoen arteko tartean horren adibide polita aurkituko dugu.

katu bat lore artean

Baso mistoak ere degradazio txikia jasan du. Baso mota hori zuhaitz tankerako espeziek osatzen dute, hala nola, lizarrek, haritzek, gaztainondoek, hurritzek, astigarrek, ereinotzek eta abar. Amildegien edo sarbide zaila duten eremuen hondoetan egon direnez, irautea lortu dute. Horiekin batera agertzen diren espeziek honakoak dira: zuhandorra, elorria, iparraldeko elorri zuria, merkuriarra, asun horia, sahatsa, harrautsia eta beste karize espezie batzuk, besteak beste.

Bestalde, indianoen landetxeetako lorategiak apaintzen dituzten zuhaitz handien edertasuna (sekuoiak, palmondoak, zedroak...) ere aipatzeko modukoa da.

Testua: Santiago Patino eta Javier Valencia
Sestaoko Natur Zientzien Elkartea

Artikulua osorik irakurtzeko (PDF 68KB)