Geografia

Paisaia

Enkarterri eskualdeko gainerako udalerriak bezalaxe, Gordexola udalerri menditsua da, mendiok garaiera gutxikoak badira ere. Itsas hondoetatik azaleratu ziren Aro Tertziarioan, denbora luzean sedimentuak (Kretazeoko kareharriak gehien bat) metatu ondoren. Eurite ugariek eta bestelako higadura-eragileek gaur egun duen antolaera moldatu dute.

Gordexolara Sodupetik sartuz gero, garaiera gutxiko mendiak aurkituko ditugu, baina hegoalderantz joan ahala, mendiak gero eta garaiagoak dira, hala nola, Idubaltza, Pando, Aranbaltza eta Errigadas mendiak.

Eguraldia epelaren ondorioz, zuhaitzez osatutako paisaia-begetala aurkituko dugu. Haritz eta pago basoen orban batzuk badaude, baina testigantza hutsak dira. Basoaren zatirik handienean insignis pinua da nagusi, baina sastraka eremu batzuk ere badaude.

Euriak eta landaretzak eragindako meteorizazioaren ondorioz, lurzoru arre hezea, geologoek podsoliko arrea izendatzen dutena sortu da

Gordexola harana zeharkatzen duen ibai nagusia Herrerias edo Ibalzibar izenekoa da. Angulo haitzean sortzen da, Artziniega udalerria zeharkatzen du eta Gordexolara Albitxutik sartzen da. Iratzagorria ibarretik aurrera egiten du; ondoren, Kaparroliko estugunearen gainetik salto egiten du eta Pontoneko ordokitik jarraitzen du Ibargutiraino. Ibarra eta Zubietetik jarraitzen du eta Padurako pasabidea zeharkatu ondoren, Arkotxan, Izalde ibaiaren urak hartzen ditu. Sodupen (Gueñes) Kadagua ibaira isurtzen ditu urak.

Paisaia 1 Paisaia 2 Paisaia 3