Manuela Antonia Allende

Manuela Antonia Allende Ayerdi Molinarreko San Joanen jaio zen, eta bertan bataiatu zuten 1733ko otsailaren bederatzian. Joseph Antonio Allende Villamonte eta Maria Ayerdi Puenteren alaba izan zen. Familia Zubiete auzoan bizi zen, gaur egun Irazabaltarren etxea den horretan. Garai hartan ez zegoen gaur egungo errepidea, eta galtzada ibaiaren ondotik zihoan. Familia mahastizaintzan aritzen zen. Familiaren egoera ona izan arren, bizitzeko garai latza zen. Manuelaren neba-arrebak Josefa, Francisca, Joseph eta Domingo Narciso ziren. Gurasoak hil zirenean, etxea eta lurrak Joseph nebari zegozkion, baina jarauntsirik gabe utzi zuten Sodupeko Antonia Narcisa De La Fuenterekin ezkotzeagatik. Izan ere, horrekin maiteminduta zegoen eta gurasoek antolatutako ezkontza mesprezatu zuen. 

Ondoren, beste nebari zegokion, Domingo Narcisori, baina Mexikoko San Miguel Handira joanda zegoen. Bertan bizimodu ona zuenez, eta aberastuta zegoenez, ez zuen jarauntsia onartu. Etxea eraiki zuen hiriko plaza nagusian eta familia ugaria izan zuen. Ignacio Allende Unzaga semea Mexikoren independentziaren alde borrokatu zen, fusilatu egin zuten, eta gaur egun Mexikoko heroi nazionala da. Haren sorterriak, San Miguel El Grandek, San Miguel de Allende izena hartu zuen.
Etxearen eta lurren kargu Josefa ahizpak hartu zuen, baina zenbait arazo zirela medio, familia nahiko zorpetuta utzi zuen. Ahizpa biak hil ondoren, Manuelak jarauntsia hartu zuen eta abizena, ohiturak eta etxea defendatzeko borrokatu zen. Sendoa izan zen, independentea, aurrera ateratzeko tinko borrokatu behar izan zen emakumea. Lurrek etxeari eusteko nahikoa ematen ez zutenez, Manuel Braceras Urrutia Jaunarenean, Isasiko Urrutia dorretxean, neskame hasi zen lanean, eta bertan ibili zen bizitzaren tarte batean. Ibardugain inguru horretan Txomin De La Torre Ugarte bizi zen, gizon ahaltsua eta aberatsa, izan ere, mailegu emaile garrantzitsua izanagatik, lur asko bereganatzea lortzen zuen. Horrek ezkontza-hitza eman zion eta elizari lizentzia eskatu behar izan zioten, lehengusu-lehengusinak zirelako. Txomin De La Torrek esana ukatu zuen eta xantaia egin zion, ezkonsari gisa familiaren etxea eta lurrak eskatuz. Allendetarrek ez zuten onartu, eta orduan arbuiatu egin zuen, ez zela ezkonduko agertu zion, eta moja sartzeko eskaini zion, moja-sari on batekin. Orduan Manuelak salatu egin zuen, Txominek ezkontza-hitza emana zuelako. Horren froga gisa elizan aurkeztutako dokumentazioa aurkeztu zuen. Azkenik, epaiketa egin zen Burgosen, baina epaia ez zen Manuelaren aldekoa izan, De La Torre jaunak zuen boterea tarteko.

Halere, ez zuen etsi, jazarri zuen, eta Manuelaren kontra herrian esamesak zabaldu zituen. Orduan Manuelak De La Torre jauna, eta zurrumurruak zabaltzen aritu ziren emakumeak salatu zituen. Emakume horietako batzuek, Txominen lehengusinak ziren Arza ahizpek jipoia eman zioten, eta Txominek Manuela salatu zuen hilketagatik.  Epaiketa egin zen Valladolideko Errege Kantzelergoan. Valladolidera joan behar izan zuen, eta ostatu batean zerbitzari lanetan hasi zen, egonaldia ordaindu ahal izateko. Baina De La Torre jaunak lagunak baliatu zituen salaketa faltsu gehiago egiteko, eta Manuela 52 egunez espetxeratu zuten, 1771ko abuztuaren 12ra arte. Manuela Allendek epaiketa irabazi zuen urte hartako abenduaren 23an, errugabetzat jo zuten eta Arza ahizpek 50 dukateko sari bana ordaindu behar izan zioten, eta Txomin De La Torrek 200 dukatekoa. Baina ezin izan zuen Valladolidetik alde egin, urte eta erdi igaro arte, hau da, Txomin De La Torrek epaiketan ezarritako kopurua ordaindu zion arte. Gordexolara itzuli zen, Braceras jaunari etxea alokatu zion Molinar plazan, artean horren zerbitzaria baitzen, eta beti eman baitzion babesa. Ostatua jarri zuen bertan, eta badakigu garai horretan inguru euskaldunetako ikasleak bertara joaten zirela gaztelania ikastera.

Halere, artean hamar urte aritu zen Manuela bere ohorearen aldeko borrokan. Txomin De La Torreren aurkako kexa kriminala jarri zuen Gordexolako alkatearen eta epailearen aurrean. Txomin herriko alkatea izatera iritsi zen, eta horrek harrokeria salaketa jarri zuen. Emagin batzuek parte hartu behar izan zuten, birjina ez zela eta seme-alabarik izan ez zuela aitortzeko. Manuela Allenderen aldeko epaia eman zuten eta De La Torre jaunak 3.000 dukateko kalte-ordaina eman behar izan zion.

Abeltzain ere aritu zen, behiak, idiak, zaldiak eta beste abere batzuk erosten zituen, eta bazuen jendea horiek zaintzeko.

Josefa ahizpak zor asko utzi zion familiari, eta etxea eta lurrak ez galtzeko Manuelak guztiak ordaindu behar izan zituen. Zorrei eusteko hipoteka hartu behar izan zuen, Urbieta Salazartarrek ondasunen jabe egin baino lehen, beraien aldeko zor handia baitzuten. Etxea eta lurrak familian jarraitu zuten Maria Francisca ilobaren bilobak, Manuel Gallarreta Allendek, 1831ko urtarrilaren 17an Jose Otaola Urruchiri saldu zizkion arte. 

Hortaz, emakume independentea izan zen, borrokalaria, etxea eta ohorea babestu zituena, enpresaria eta abeltzaina.

Halaber, lehengusina txikia zen neurrian, prokuradore sindiko orokorra, gobernatzailea eta Argentinan Allende leinuaren burua zen Lucas Allende Larrearen kaperatasuna justifikatu behar izan zuen.

Bere garaiari aurreratu zitzaion emakumea  izan zen. 1783ko martxoaren 2an Francisco Palacio Amabiscarrekin ezkondu zen. Gizona Manuela baino hogeita bi urte gazteagoa zen, eta horrek zailtasunak ekarriko zizkion garai hartan. Gainera, bakoitzak bere negozioei eutsi zien. Seme-alabarik ez zuten izan. Gordexolan hil zen 1803ko maiatzaren 22an.

Gaur egun Argentinan bada Lucas Allende Larrearen ondorengoen familia zabala. Gordexolan gaur egun ere badira ondorengoak, Lanbarri eta Villamonte  familiak, Joseph Antonio Allende Puente ilobaren ondorengoak, Altuna familia, Maria Francisca Allende Puente ilobaren ondorengoak, eta Allende familia,  Francisco Allende Aretxederra Manuelaren osaba handiaren ondorengoak.

Laburbilduz, emakume borrokalaria izan zen, etxearen, lurren eta abizenaren alde egin zuen, ekintzailea izan zen, bere ohorea babestu zuen, feminista izan zen, ostalaria, abeltzaina, independentea eta herriarentzat harrotasun iturri.