Ondare historikoa

 

Gaur egun Gordexolan lau dorre daude, kontserbazio egoera desberdinean guztiak ere, eta Zalduko dorrea izango zenaren hormak. Nolanahi ere, jakin badakigu beste batzuk ere egon zirela, une desberdinetan desagertutakoak.

Zutik dirautenen artean zaharrenetako bat Azkarai auzoko Urtusaustegi dorrea da. Harritzekoa da armarririk ez izatea, hala ere, Escarzadak armarri bat egozten dio, gaur egun desagertuta dagoen arren. Armarri horren bitartez Urtusaustegi eta auzoko Ibarguen leinuen arteko harremana bazegoela ondorioztatzen da.

Ibarguen dorrea

Dorre horren ondoan aipatutako Ibarguenena dago, Ibarguen dorrea edo Pontoneko dorrea izenez ezaguna dena. Dorreak Velascotarren armak agertarazten ditu, izan ere, J. M. Urrutiaren iritziz, bandoen arteko borroketan horiei loturik egon ziren.

Aurrekoaren antzekoa da Largatxako dorrea edo Artekonako dorrea, erretako dorrea edo dorre beltza izenez ere ezaguna dena. Bi fatxadetan baserria atxikitzeak dorreari itxura bitxia eman dio, gaur egun, ostera, zati batean eraitsia dago.

Oxirando dorrea

Oraindik zutik dirauten dorreen artean, Oxirando dorrea da interes handiena duena, hainbat alderdi direla eta. Lehenengo eta behin, kokapen estrategikoa duela nabarmendu behar dugu, izan ere, bide zahar baten gainean dago (garai bateko garrantzitsuena), Herrerias ibaiaren gaineko zubi baten ondoan, Zubiete auzoan.