Ondare historikoa

 

BERBIZKUNDEKO JAUREGIA

Kapitala metatzeak dorreak berreraikitzea, eta leku erosoagoa eta bizitzeko egokiagoa bihurtzea ahalbidetu zuen. Birmoldatzeko modu bat ondoan jauregi bat jartzea zen. Dena dela, sarritan dorrea eraitsi eta horren ordez jauregia eraiki ohi zuten. Tarteko beste metodo bat dorrearen inguruan jauregia eraikitzea zen. Jauregiak egoitzazko eraikinak dira; baoak zabalagoak izanik, eraikinaren argiztapena ere handiagoa da. Jauregiek leinua edo familia ordezkatzen zuen armarria izaten zuten.

Erdi Aroko Oxirando dorre zaharrari jauregi moderno bat atxiki zitzaion. Eraikin biak modu argi batean bereiztuta egon arren, bolumen bakar eta uniforme batean aurkezten ziren eta unitate bakarra osatzen zuten. Hala ere, 2007 urteko berriztatze sakonaren ondorioz, gaur egun eraikuntza biak bereizita daude eta teilatuek altuera desberdinak dituzte.

Zubiete Dorrea

Zubiete dorreari dagokionez, jatorrizko dorrearen ondoan itxura errenazentistako jauregia jarri zuten, baina kasu honetan bloke biak bolumen bereizietan ageri dira.

Largatxa jauregiaren egiturak aldaketak jasan zituen (nahikoa da bere izaera horizontal nabariari erreparatzea, aurreko dorreen bertikalitasunaren aldean); hala ere, ez zuen lortu Erdi Aroko elementu garbi batzuk alde batera uztea.

Hurtado de Ibarguen Jauregia

Hurtado de Ibarguen jauregian ere, elementu gotikoak eta eboluzioan urrats bat aurrera ezartzen dutenak batera ageri dira. Fatxada nagusiaren antolakuntza eboluzionatuak (hutsune zabal ugariak) Erdi Aro berantiarraren elementuen presentziarekin kontrastatzen du.




JAUREGI BARROKOA

Palacio barroco

XVII. mendearen amaieraren eta XVIII. mendearen artean estilo barrokoa deritzonaren eredu tipologikoak eta errepertorio estilistikoak finkatu ziren. Ameriketako abenturaren errentagarritasuna agerian jartzen hasia zen irabazi oparoen bitartez. Horrela bada, Gordexolako lurrak Ameriketako kapitalarekin finantzatutako eraikin sendoez bete zen. Lur haiek eragindako herriminaren ondorioz, indiano batzuek elementu exotikoak jarri zituzten, hala nola, palmondoak eta amerikako landaretzaren zenbait ale, gaur egun oraindik lorategitetan dirautenak.

Ibarratarren Etxe Nagusia jauregia erabat birmoldatu da, eta gaur egun armarri angeluarra baino ez du gordetzen.

Urdanegi jauregia ere interes handikoa da. Itxuraz berbizkudekoa badirudi ere, eraikitze data barrokoari dagokio. Badira desberditasun hori agerian jartzen duten beste alderdi batzuk, hala nola, erdi-puntuko arkuteria bikoitza aukeratu izanak, material pobreak erabili izanak, armarria xumea izateak eta barrualdeko banaketa eskemak; izan ere, nekazaritzari eta abeltzaintzari loturiko lanek eragindako beharrizanen arabera eginda dago, eta ez etxeko beharrizanen edo gizarte beharrizanen arabera.

Largatxatarren Etxe Nagusia eraikin exentua da eta oinplano karratua du. Egiturak eta banaketak barrokoaren eskema tipikoei jarraitzen diete. Nabarmendu beharrekoa da arkudura beheratua eta menditar kutsua duen ataripe zabala.

Gordogana jauregia

Gordogana jauregia ere nabarmena da. Fatxada nagusiaren konposizioa oso zaindua da; bao erregular azpatuek eta izkinak errematatzen dituzten harlanduen ilarek nobletasun eta duintasun kutsua ematen diote. Armarriak lanketa finagoa izateak eta erliebearen bolumena txikiagoa izateak agerian jartzen dute joera neoklasikoa.

Allende-Salazar jauregia aurrekoaren sasoi berekoa da. Harlandua angeluetan eta lehioetan erabiltzeak jauregiaren figura indartzen du, gainerakoan landatar-itxura badu ere.

Aipatutakoez gain, sasoi berekotzat jo daitezke beste honako hauek: La Presa etxea, Elgoibar baserria, Zaldu baserria, Sandamendiko Madaria etxea edo Artekona jauregia.

JAUREGI NEOKLASIKOA

Gordexolan neoklasikoa deritzon estiloak errotuta zegoen egoitzazko bizilekuen tipologian ia ez zuen aldaketarik eragin. Barrualdeei dagokienez, barne-banaketetan ez dira aldaketa nabariak antzematen, familien bizimodua eta bertan bizi zirenen etxeko ohiturak ez baitziren modu nabarmenean aldatu.

Zubiete Jauregia

Gordexolako jauregi neoklasikoen artean 1829 urtean Ignacio de Ubieta y Salazarrek eraikitako Zubiete Jauregia nabarmendu behar dugu.

Molinar Jauregian soiltasuna eta bakuntasuna jauregi-itxura nabariarekin uztartzen dira. Konposizio orekatua duen eraikina da eta sakontasunari dagokionez oinplanoak garapen zabala du.

Testuinguru berean sar daitezke baita ere, Zabala jauregia, Ibargarai etxea edo 1840an eraiki eta 1899an lehen aldiz berraiki zen Martinez de las Rivas familiaren etxea.