Ondare historikoa

 

Ondare arkitektonikoaren inguruan egindako ibilbide artistikoaren azken etapa XIX. mendearen bigarren erdialdearen eta XX. mendearen lehenengo hiru hamarkaden artean kokatuko dugu.

Indianoek egindako eraikuntzak handiak ziren, izan ere, industria siderometalurgikoan inbertitu ondoren bizilekua metropolian ezartzen zuten indianoek jatorrizko herrietan luxuzko eraikuntzak jasotzen zituzten; sarritan bigarren bizileku gisa erabiltzen zituzten, edota aisialdirako edota udarako etxe gisa. Batzuetan, indianoek senideekin eskuzabaltasunez jokatzen zuten eta opari bidez edo dohaintza bidez eraikutzak bereganatzen zituzten.


Aresti kontearen jauregiak

Aresti kontearen jauregiak birmoldaketak izan zituen, fatxadetan adreilu gorriak jartzea edota tximinia ikusgarriak eranstea dira horren adibide nabarmenenak. Hala ere, aldaketa horiek ez zuten lortu egituraren azpian datzan jauregi neoklasiko soila ezabatzea.

Gurrutxagatarren etxeko fatxadetan ere zenbait aldaketa egin zituzten, lehen solairuko tarteetan habeak jarri baitzituzten.

Eraikuntza zimendu batzuen gainean beste eraikuntza bat egitea ere gertatu da. Bilbao landetxea da horren adibidea, izan ere baserri baten oinarriaren gainean eraiki zen.


Villa Cuba

Lehenengo eraikuntza berrien artean aipagarriak dira Aretxabaletatarrena eta Kuba landetxea.
Lehenengoari soiltasuna eta ordena dario eta neoklasikoaren hastapenaren eragin handia du. Begiratokia desagertaraztea eta horren ordez terraza irekia jartzea izaera kendu dio.

Kuba landetxea 1931 urtean birmoldatu zuten eta horren ondorioz itxura berria hartu zuen.


Bi etxebizitza horietatik gertu, bidearen beste aldean Aldai landetxea eraiki zuten. Paramentu grisean adreilu gorriak sartzean, zenbait elementu konpositibo nabarmendu zituzten eta aldi berean kolore ukitu bitxia eman zioten. Horixe da eraikuntza soil eta tradizional honen alderik nabarmenena.

Solanes-Presilla landetxea

Mendearen hasierakoak dira baita ere, Aspuru landetxeak izenez ezagunak diren bizileku bikiak. Jatorriz berdin-berdinak diren eraikuntza biak harmailadi baten bidez lotuta zeuden. Harmailadi horrek aldapa gogor batetik behera egiten zuen eta gaur egun ez dagoen osotasun itxura ematen zien.

Florita landetxeari dagokionez, nabarmentzeko modukoak dira alpetar kutsuko teilatuak eta teilatu-hegalak.


José Landetxea

Jose landetxearen ezaugarri nagusia pintoreskismoa da. Nabarmendu beharrekoak dira baoen zabaltasuna eta dekorazioa, Bilboko burgesiak hiriburuko zabalgunean berretsitako ereduen eskema berekoak. Zeramikazko itzaltegi ikusgarria ere badauka; bertan, landetxearen lorategiari xarma erromantiko nabaria ematen dio Rafaelen “Ama Birjina, Haurra eta San Joan”en erreplika dago.