Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatzen da, hala Euskal Herrian nola diasporako zenbait herritan ere. Berez, lehenengo Euskararen Eguna 1949ko abenduaren 3an egin zen. Orduan, espainiar estatuko egoera politikoa tarteko, Euskaren Egunaren ekitaldiak Iparraldean eta Amerikako hainbat lekutan egin ziren. Jatorrian, ospakizun hau Eusko Ikaskuntzaren sorrerari estu loturik dago.

Erakunde dinamikoa

Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zen, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Foru Aldundien eraginez. Urte horretako irailean bertan egin zuen lehen kongresua eta, bertan, erakundearen helburuak zehaztu ziren. Helburuetan nagusiena, euskal kulturaren sustapena eta iraupena ziurtatzea.

Garaiko erakunderik dinamikoena izan zen Eusko Ikaskuntza 1918tik 1936ra. Besteak beste, erakundeak etorkizuneko euskal unibertsitatearen diseinua egin zuen, autonomia estatutuaren testua idatzi, uda ikastaroak antolatu, Euskaltzaindiaren sorrera bultzatu, ikastoletarako testu-liburuak argitaratu eta abar. Gainera, sei biltzar ere burutu zituen, arrakasta handiz burutu ere, aldian aldiko aditu eta ikertzailerik puntakoenak bildu baitzituen kongresu horietan.

Giro horretan, Eusko Ikaskuntzak euskal gizartearen arlo denetara zabaldu nahi izan zuen euskal kulturari buruzko kezka eta, Euskaltzaleak Bazkunak bitarte, antzerti eta olerti egunak, bertsolari egunak eta gisakoak antolatu izan zituen.

Nazioarteko Eusko Ikaskuntza

Eusko Ikaskuntzaren ekimenak bertan behera geratu ziren Espainiako Gerra Zibilaren eta gerra ostearen ondorioz. Iparraldean, Erakundearen sua pizturik iraunarazten saiatu zen Joxe Miel Barandiaran eta Nazioarteko Eusko Ikaskuntza bultzatu zuen. Horren bidez, beste bi biltzar ere egin zituen instituzio honek, bata Miarritzen 1948an eta bestea Baionan 1954ean. 1948an, gainera, Iparraldeko Euskaltzaleen Biltzarra ere lanean hasi zen eta euskararen aldeko kultur ekitaldiak berpiztu egin ziren.

Ekimen hauek denek Euskararen Eguna aldarrikatzera bultzatu zuten Nazioarteko Eusko Ikaskuntza 1949ko abenduaren 3arekin batera. Harrezkero, ospakizunak egun horixe izan du egutegian.

Lehenengo Euskararen Eguna Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ospatu zuten eta on handia egin zion bai euskarari, bai euskal literaturari oro har, idazle belaunaldi berriari ireki baitzion bidea. Idazle horien artean ziren, besteak beste, Piarres Lartzabal, Augustin Zubikarai, Piarres Xarriton, Mari Jeanne Minaberry, Iratzeder, eta beste batzuk.

Kanpoko Gizataldeen Mundu Biltzarra

Euskal Herrian ez ezik, Parisen, Mexikon, Caracasen, New Yorken eta bestetan ere ospatu zen Euskararen Eguna. Geroztik, urtero egin da egunaren ospakizuna, Xabierko Frantziskoren egunean beti ere.

1995ean, Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak egunaren berrindartzeko proposamena egin zuen. Diasporako euskaldunek egun handitzat zutena Euskararen Egun ofizial izendatzeko eskatu zuten uruguaiarrek.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak ontzat eman zuten proposamena eta abenduaren 3a, Xabierko Frantziskoren eguna, Euskararen Eguna izendatzea erabaki zuten.